2017-ko Maiatzaren 20a, Astelehena
19:00. Zinemaldia irekitzeko ekitaldia
19:30. Leonor infantaren azken bidaia. Produkzioa: Visor Audiovisual S.L.. Zuzendaria: Cid, Víctor. España, 2016, 25. Hizkuntza: Castellano.
Caleruegako komentu batean, Burgosen, ikertzaile talde batek XIII. mendeko Gaztelako errege Alfontso X.a Jakitunaren alabaren gorpuzkiak aurkitu ditu ustez. Zientzialari eta zaharberritzaileak Leonor infantarenak direla egiaztatzeko lanean ari dira, gorpuzkiak lurpetik ateratzen eta jatorrizko hilobiak ustez zuen itxura berregiten, eta, ikerketaren bidez, gainera, garai hartako hutsune historikoren bat betetzea espero dute.
20:00. Cervantes: bilaketa. Produkzioa: Troto Int.. Zuzendaria: Balaguer, Javier. España, 2016, 79. Hizkuntza: Castellano.
2015. urtea. Zientzialari eta historialariak Miguel de Cervantes gaztelaniazko idazlerik handienaren hilobia ezkutuan atxikitzen duten sekretuak agertzen ari dira. Indusketa lanen irudi bakanek eta gertatutakoaren lekuko eta protagonisten adierazpenek osatutako kontakizun zirraragarri eta zehatz baten bitartez, idazle entzutetsuaren gorpuzkiak non dauden argitzen saiatuko dira. Areago, Miguel de Cervantesek berak ere kontatuko du bere historia, Ramón Bareak bikain antzeztuta.
2017-ko Maiatzaren 21a, Asteartea
11:00. Galdutako etorkizunaren bila. Produkzioa: Turkana Films. Zuzendaria: Par, Alfonso. España, 2016, 60. Hizkuntza: Castellano.
Karlotak 18 urte ditu, eta Batxilergoa bukatu berri du, eta, beste hainbat gaztek bezala, ez daki zer egin etorkizunean. Osaba Luisek Eudald Carbonell arkeologo entzutetsua buru duen bidaia batera biltzera gonbidatu du: lau kontinentetan barrena, zibilizazioen jatorriaren mugarriak bilatuko dituzte, eta, bidaldi zoragarri batean, ikusiko dute zergatik dagoen mundua egungo krisialdian murgilduta.
17:00. Bruniquel leizeko Neanderthala. Produkzioa: CNRS Images. Zuzendaria: Fage, Luc-Henry. Francia, 2016, 8. Hizkuntza: Francés.
Bruniqueleko kobazulo batean (Frantziako hego-ekialdean) zirkulu bat eratuz jarritako estalagmita hautsiak aurkitu berri izanak adierazten du gizakia uste baino askoz ere lehenago hasi zela kobazuloak okupatzen. Giza historiako zaharrenetakoak dira egitura antropiko horiek, eta, gainera, su hondarrek frogatzen dute Homo Sapiens gizakiak baino are lehenago Neanderthalgo gizakiak bazekiela sua erabiltzen leku ilun eta itxiak argitzeko.
17:10. Ispilu hutsa baino zerbait gehiago. Produkzioa: The Oxfordshire Museum. Zuzendaria: Woodward, Sharon. Gran Bretaña, 2015, 9. Hizkuntza: Inglés.
2006an, pieza aparta bat azaldu zen Oxfordshiren, Britainia Handian: 2.000 bat urteko ispilu apaindu bat, Burdin Arokoa. Oxfordshireko bertako museoak oso ikerketa lan sakona egin du, eta lagin metalurgikoak hartu ditu, ispiluaren jatorria zein den eta 60 bat kilometrora aurkitutako oso antzeko batekin harremanik duen jakiteko. Zer esan nahiko zuen objektu enigmatiko horrek? Antzinako britoien sineskera magikoekin lotutako erabilera erritualen bat akaso?
17:20. Iparreko bidaiaria. Produkzioa: Akhet. Zuzendaria: Stevanon, Alessandro. Italia, 2016, 8. Hizkuntza: Italiano.
Harri pila soil bat, arkeologo baten begietan, aurkikuntza bikain bat izan daiteke, lurralde oso baten historia berridazteko gai dena. Adibidez, horixe gertatu da berriki Aostako ospitalea handitzeko lanetan, Italian: 18 metroko diametroa duen tumulu bat azaldu da, K.a. VII. mendeko gudari zelta baten prestigioko hilobiarekin identifikatu dutena.
17:30. Palermoko Museoa eta bere etorkizuna. Produkzioa: Museo Archeologico Antonino Salinas. Zuzendaria: Gambino, Davide. Italia, 2016, 12. Hizkuntza: Italiano.
Antonino Salinas Museo Arkeologikoa (Palermo, Sizilia) Italia osoko zahar eta prestigiotsuenetako bat da. Urteetan berritu, eta, azkenean, jendaurrean jarriko dute bertako bilduma. Gainera, oso gidari berezi batek eramango gaitu museoaren iraganean, orainean eta etorkizunean barrena egingo dugun bisitan.
17:40. Bordeleko bloke misteriotsuak. Produkzioa: CNRS Images. Zuzendaria: Lacharney, Juliette. Francia, 2016, 5. Hizkuntza: Francés.
Dominique Tardy eta Jean-Jacques Malmary Antzinako Arkitektura Ikertzeko Frantziako Institutuko kide dira, eta XIX. mendean Bordeleko harresiak eraisten ari zirela agertu ziren bloke arkitektoniko batzuen jatorria identifikatu dute: 400 pieza dira, eta horietako asko Akitaniako Museoan daude. Bada, denbora luzean, egiazko misterio bat izan dira, ez baitzuten testuinguru historikorik eta inork ez baitzekien zer monumentutatik atera ziren.
17:45. Begia eta harria. Produkzioa: CNRS Images. Zuzendaria: Dalaise, Marcel. Francia, 2017, 38. Hizkuntza: Francés.
Antzinako Erromako medikuek kolirio zigiluak prestatzen zituzten: harri txiki batzuk, okulisten izenak eta erabiltzen zituzten erremedioak zituztenak grabatuta. Muriel Labonnelie antzinako medikuntzan aditua da, eta pieza bitxi horiek aztertu ditu, ezdeusak itxuraz. Bada, horri esker, Erromako medikuntzaren historiako esparru oso bat argitu du.
18:25. Loropeni hiri ahaztua. Produkzioa: CNRS Images. Zuzendaria: Baker, Nicolas. Francia, 2016, 7. Hizkuntza: Francés.
1902an, Loropeniko hondakinak agertu ziren, 1.000 bat urtekoak: Lobi herriko arkitektura gotortuaren testigantza bakarrak, Burkina Fasokoa da Lobi herria, afrikarra. Multzo arkeologiko horren inguruko sekretuetan murgildu nahian, nazioarteko ikertzaile talde batek diziplinarteko ikerketa bat jarri du abian, tokiko historia argitara ematen saiatzeko.
19:00. Neanderthalen ilunabarra. Produkzioa: YN Productions. Zuzendaria: Hope, Rob. Francia, 2015, 52. Hizkuntza: Francés.
Rodanoko haranean 25 urtez egindako ikerketa arkeologikoen barruan egindako ezusteko zenbait aurkikuntzak hankaz gora jarri dute Europako historiaurreari eta jendeztatzeari buruz genekiena. Nor ziren neronianoak? Goraka egin zuen Neanderthalgo gizarte berri bat ala gizaki modernoaren lehenengo espresio ezaguna? Film honetan, Ludovic Slimak buru duen CNRSko diziplina anitzeko talde bati jarraituko diogu.
19:50. Cromagnon-en begietan. Produkzioa: Passé Simple. Zuzendaria: Azéma, Marc. Francia, 2015, 8. Hizkuntza: Sin locución.
Film honen bidez, historiaurreko emakume gazte baten azalean sartuko da ikuslea, eta alegiazko kobazulo batean barrena ibiliko da, galeriaz galeria, Europako historiaurreko artearen maisulanen artean: Chauvet, Lascaux, Niaux, El Castillo, Pech Merle, Cougnac, Foz Coa… Bat-batean, paretetan margotutako animaliak bizitu egingo dira zuziaren argitan… Paleolitoko artearen edertasunak liluratzeko film labur bat.
20:00. Brontze Aroko britainiar Ponpeia. Produkzioa: ARTE France. Produkzioa: 360 Productions. Zuzendaria: Jobling, Sarah. Gran Bretaña, 2016, 69. Hizkuntza: Francés.
Ingalaterran, zientzialari talde bat Brontze Aroko herrixka baten hondakinekin lanean ari da. Must Farm du izena herrixkak, eta, hango etxebizitza eta materialak hain kontserbazio egoera onean daude, non Britainiako Ponpeia izendatu baitute; izan ere, leku zingiratsu batean dago, eta, horri esker, babestuta egon da. Bertakoak loretan zen eskala handiko nekazaritzan jarduten ziren, eta Europako beste herri batzuekin salerosian ibiltzen ziren, ondasunen trukea historiaurreko aro horretan ohikoa zen adierazgarri.
2017-ko Maiatzaren 22a, Asteazkena
11:00. 29.000 urteko historia bat: Lapedoko Umearen hilobiratzearen irudimenezko birsortze. Produkzioa: Arqueohoje. Zuzendaria: Vilhena, Diogo. Portugal, 2015, 4. Hizkuntza: Sin locución.
Duela 29.000 urte, Abrigo do Lagar Velho izeneko harpean, Lapedo haranean (Portugalen), mutiko bat ehortzi zuten, okre gorriz tindatutako hil oihal batean bilduta, kontu handiz egindako erritual konplexu batean: “Lapedoko haur” delakoa. Bada, lurperatu zuten unea islatzen du filmak, indusketa lan arkeologikoen esparruan bildutako datuetan oinarrituz. Azken finean, eskeletoaren gainean egindako diziplina anitzeko azterketek frogatu dute gizadiaren eboluzioari buruzko aurkikuntzarik garrantzitsuenetako bat dela Lapedoko haurra aurkitu izana.
11:05. Handpas. Iraganeko eskuak. Produkzioa: Libre Producciones. Zuzendaria: Camello Manzano, José. España, 2016, 32. Hizkuntza: Castellano.
Baliteke labar artean eskuz utzitako inpresioak izatea gizakiak eta haren gaitasun sinbolikoak sortutako adierazpiderik zaharrenetako bat. Bada, dokumental honetan, Paleolitoko artean aditurik onenak direnetako batzuk haien kronologiari, interpretazioari eta kontserbazioari buruz arituko zaizkigu. Era berean, Paleolitoko bizimoduak islatzen ditu dokumentalak, lekukotasun arkeologikoetan eta lan esperimentalean oinarrituz, duela 40.000 urteko trantsizio mundura itzuli nahian, gure historian funtsezkoak izan diren bi espezie elkarrekin bizi izan baitziren orduan: Neanderthalgo gizakia eta Homo Sapiens gizakia.
11:35. Harriaren gaineko artea. Produkzioa: Elhuyar Fundazioa. Zuzendaria: Alvarez, Inma Zuzendaria: Errazquin, Maddalen. España, 2016, 15. Hizkuntza: Castellano.
Gizakiak sortutako artelanik zaharrenak
Paleolitoko labar artekoak dira. Alde horretatik, Euskal Herria eta Espainiako
iparraldea (Kantabria) lurralderik aberatsenetako bat dira garai hartako
pintura eta grabatuetan: Santimamiñe, Ekain eta Atxurra kobazuloek, alde
batetik, eta Castillo mendiko kobazuloak, beste batetik, lekukotasun
artistikoen bilduma itzel bat dute barnean. Bada, leizeetako artea aztertze
aldera, arkeologo eta espeleologoak milaka urtean ezkutuan egon diren obren
bila ari dira.
17:00. Arimaren azala. Produkzioa: Look at Sciences. Zuzendaria: Levy, Pierre Oscar. Francia, 2017, 91. Hizkuntza: Francés.
Peau d’âne (Asto larrua) filma (Jacques Demy, 1970) Frantziako zinemako klasiko bat da, Charles Perraulten ipuin ezaguna pantailaratzen duena. Bada, Oliver Weller arkeologoak, txikitan ikusi zuen filmak liluratuta, filmazio setean indusketa lanak egitea erabaki du, agertoki batzuk biziberritu nahian, hala nola Catherine Deneuvek babeslekutzat zerabilen txabola. Nolanahi ere, Asto larrua indusketa edo film musikal bat baino askoz ere gehiago da: Perraulten kontakizunaren eta ahozko tradizioen jatorrira bidaiatuko dugu.
19:00. Gengis Khanen hilobia, argitutako sekretua. Produkzioa: Agat Films. Zuzendaria: Robion, Cédric. Francia, 2016, 90. Hizkuntza: Francés.
XIII. mendetik hona, misterio arkeologiko batek esploratzaile, zientzialari eta historialarien hainbat belaunaldi liluratu ditu, bata bestearen atzetik, eta haien jakin-nahia piztu: non dago Gengis Khanen hilobia? Iturri dokumentalek iradokitzen dutenez, historiako konkistatzaile nagusiaren betiko atsedenlekua Mongoliako lekuren batean dago ezkutatuta, baina zer dio Arkeologiak?
20:30. Txina, Han Dinastiaren garaiko altxor galduak. Produkzioa: ARTE France. Produkzioa: Lion TV. Zuzendaria: Bremner, Ian. Francia, 2014, 52. Hizkuntza: Francés.
K.a. III. mendetik K.o. III. mendera bitartean, Han dinastiako hainbat enperadorek gobernatu zuten Txina, ingurune izugarri aberats eta sofistikatu batean. Haietako askoren hilobiak arpilatu egin dituzte, baina, berriki, hilobi berriak agertu dira, Zetaren Bideko merkataritzari esker aberastutako inperioaren loraldiaren berri ematen dutenak. Ildo horretatik, mausoleo bikainen barruan, jade, urre, zeta eta harribitxi artean lurperatzen zituzten enperadoreak, baita miniaturazko terrakotazko armaden artean ere batzuetan.
2017-ko Maiatzaren 23a, Osteguna
11:00. Handa eta Woopa. Produkzioa: Passé Simple. Produkzioa: MSK Productions. Zuzendaria: Kowalczyk, Stéphane Zuzendaria: Rivère, Florent. Francia, 2017, 40. Hizkuntza: Sin locución.
Nolakoa zen egun arrunt bat Paleolitoko ehiztari baten bizitzan? Zer baliabide zituen eskura inguruko baldintza klimatiko gogorretara egokitzeko? Film honek Handa, Tora eta Woopa txakurraren abenturak kontatzen ditu: Pirinioetako klaneko ibiltaririk onena da Handa, eta larru ontzailea Tora, eta ehizarako lurralde berrien bila abiatuko dira, gero eta zuhaitz handiagoek mendia inbaditu eta belarjale handiek handik alde egin baitute.
11:40. Outeiro da Chan da Isca. Petroglifo berri bat Campo Lameiron. Zuzendaria: Santiago, Lukas Zuzendaria: . España, 2016, 14. Hizkuntza: Gallego.
Galiziako petroglifoak historiaurreko garrantzi handiko ondare multzo bat dira. Bada, dokumental honek Outeiro da Chan da Isca inguruan (Parque Arqueolóxico da Arte Rupestre de Campo Lameiro ondoan) aurkitu berri dituzten lekukotasun berrien jarraipena egiten du: arkeologoen eskutik, adierazpen artistiko horiek ikertzeko metodologiari jarraituko diogu.
11:55. Erromanizazioa, gobernua eta lurraldea. Produkzioa: Que Cena. Produkzioa: Glorybox. Zuzendaria: Pereira, Sérgio. Portugal, 2017, 6. Hizkuntza: Castellano.
K.a. I. mendearen amaiera aldean, Iberiar penintsulako gerrak bukatutakoan eta erromatarrek beren administrazio antolamendua ezarri zutenean, Conimbriga Portugalgo lurralde handi baten erdigunea bilakatu zen. Haren estatusak ohitura eta ezaupide berriak zituen jendea erakarri zituen, eta ingurua inoiz ez bezala garatu zen. Alde horretatik, zuzenbidea eta hizkuntza funtsezkoak izan ziren, komunitate sentimendua sortzeko eta Erroma indartzeko.
12:00. Ibilaldia Nemausus hirian zehar. Produkzioa: Passé Simple. Zuzendaria: Azéma, Marc. Francia, 2016, 10. Hizkuntza: Sin locusión.
Kontenplaziozko animazioko film honek Nîmes erromatar hiria bisitatzeko aukera ematen du, Jean-Claude Golvinen irudietan oinarrituz. Antzinako monumentuak lehengoratzen espezialista da Golvin, eta, 2D eta 3D animazio teknikei esker, artistaren akuareletan barrena ibiliko da ikuslea, antzina Nemausus zeneko monumenturik enblematikoenen artean: besteak beste, Tour Magne, Maison Carrée, anfiteatroa eta Dianaren tenplua.
17:00. Gurutzea eta koroa. Produkzioa: Media Promocja. Zuzendaria: Cozac, Zdzislaw. Polonia, 2016, 52. Hizkuntza: Castellano.
Nola sartu eta hedatu zen kristautasuna Erdi Aroko Polonian, Piasto dinastiako lehengo printzeek gobernatzen zutenean? Nola atera zen Polonia mundu paganotik eta bihurtu estatu indartsu, kristau komunitateko kide? Dokumental honetan, Arkeologiak eta Historiak, eskutik, Poloniako Erresumaren jatorria aztertzen dute, iragana modu ikusgarrian berreginez.
17:50. Quivira: lautadetako konkistatzaileak. Produkzioa: Archaeological Legacy Institute. Zuzendaria: Greyhavens, Teal. Estados Unidos, 2016, 28. Hizkuntza: Inglés.
Duela lau mende, espainiar konkistatzaileek Ipar Amerikako lurretako aberastasunak bilatu zituzten, alferrik, eta amerikar zibilizazio nabarmengarri bat aurkitu zuten, azkenean oroimenean baztertuta gelditu dena. Egun, Espainiako antzinako dokumentu bat eta luzaroan alde batera utzitako mapa bat aztertu, eta arkeologo batek prospekzio proiektu bat jarri du abian Kansasen, interpretazio berri bat probatzeko. Helburua: zehaztea non izan zen 1601ean Quiviran bertakoen eta konkistatzaileen artean jazo zen gudua.
19:00. Boroo Gol-eko etxea: bost arkeologo suitzar Mongolian. Produkzioa: Mongol Production. Zuzendaria: Briner, Caroline. Suiza, 2013, 72. Hizkuntza: Francés.
Mongoliako esteparen sakonean, elektrizitaterik eta txorrotako urik gabe, bost arkeologo suitzar, Ulan Batorreko ikertzaileekin batera, 2.000 urteko herrixka bat induskatzen ari dira, etxebizitzak erdi lurperatuta dituen kokagune bat. Kanpaina arkeologikoak bertako eguneroko bizitzan murgilduko gaitu: egungo mongoliarren bizimoduetan zein antzinako xiongnu herriarenetan. Zientzialarientzat, berriz, bidaia bat izango da, espazioan eta denboran barrena aldi berean, eta, haren ondoren, beren identitate propioa ezagutuko dute.
20:10. Aurkikuntza harrigarri bat Brasilen: lehenengo amerikarrak. Produkzioa: Peter Prestel Filmproduktion. Zuzendaria: Prestel, Peter Zuzendaria: Weisheit, Saskia Zuzendaria: . Alemania, 2016, 44. Hizkuntza: Alemán.
Niède Guidon brasildar paleoantropologoak, Piauí eskualdean (Brasilen) historiaurreko ehunka aztarnategitan egindako indusketa lanetan oinarrituz, Amerika noiz jendeztatu zen proposatu du, eta uste baino milaka urte lehenago populatu zela defendatu; gainera, proposatu duenez, lehenengo biztanleak ez ziren Bering itsasartetik iritsi, itsasontziz baizik. Urte askoan, komunitate zientifikoak zalantzan jarri ditu haren emaitzak, baina zenbait europar talderen babesa lortu du Guidonek, haren teoria zuzena dela ondorioztatu baitute.
2017-ko Maiatzaren 24a, Ostirala
11:00. Kuriara perfektuaren bila. Produkzioa: Reto Caribe Films. Zuzendaria: Bottome, David. Venezuela, 2016, 12. Hizkuntza: Castellano.
Duela mila urte, Valentziako aintziraren arroan (Venezuelan) bizi ziren amerindiarrak curiara izeneko zurezko kanoetan ibiltzen ziren itsas zabalean, eta ia 150 kilometroko bidea egiten zuten, 40 orduz jarraian. Egun, lantalde kartsu bat ontzi horiek berreraiki eta berrerabiltzeko prest dago, baina, prozesuak irauten duen bitartean, curiarak eraikitzeko modu tradizionala desagertzeko arriskuan dagoela ikusiko du.
11:10. El Castillón. Produkzioa: Video Coria. Zuzendaria: Asociación Científico-Cultural Zamora Protohistórica. España, 2016, 35. Hizkuntza: Castellano.
Castillón aztarnategia Esla ibaiaren ertzean dago, Zamoran, erresuma sueboa eta erresuma bisigodoa zirenen arteko mugan. Orain arte egindako aurkikuntza arkeologikoek agerian jarri dute oso garrantzitsua izan zela, eta herrixka horrek K.o. V. eta VI. mendeen artean izan zuen garapena eta bilakaera erakutsi dute. Alde horretatik, ikerketak bi gairen inguruan ardaztu dira funtsean: zientzialarien lana eta dibulgazio lana.
11:45. Argia lur azpian: Cholularen suntsipena. Zuzendaria: Ramírez Hermoso, Juan Manuel Zuzendaria: . México, 2016, 20. Hizkuntza: Castellano.
Mexikoko Gobernua merkataritza parke bat eraikitzeko proiektu bat garatzen ari da Cholulako zona arkeologikoan, eta, horrela, tokiko historian garrantzi handia duen ondasun baten babesa arriskuan jartzen. Izan ere, arauz kontrako lanak egin dituzte bertan, eta, horren ondorioz, iraganaren babesa arriskuan dago. Bertakoak ondarea babesten saiatzen ari dira, oso aberatsa baita, baina Gobernua haiek erreprimitzen ari da, proiektuaren aurka egiteagatik.
17:00. Jorge Bonsorren Ibilaldi handia. Produkzioa: MLK Producciones. Zuzendaria: Lobo, Antonio. España, 2016, 67. Hizkuntza: Castellano.
XX. mendearen hasiera aldean, europar ikertzaile ugari Espainiako hegoaldean kokatu ziren, modako zientziaren barruan aitzindari izan nahian: Arkeologia. Jorge Bonsorrek gorpuztu zuen hobekien espiritu bohemio hori: trafikatzaile izateari utzi, eta ondarearen babesle eta dibulgatzaile bihurtu zen. Bada, haren atzetik, Andaluziako aztarnategirik aipagarrienetako batzuk ezagutuko ditugu, hala nola Carmonako erromatar nekropolia, Baelo Claudia aztarnategia eta Mairenako gaztelua.
18:05. Etruskoen aurpegiak. Produkzioa: Historia: Associazione per la conservazione e la Divulgazione dei Beni Culturali d’Italia. Zuzendaria: Badel, Alan. Italia, 2017, 33. Hizkuntza: Italiano.
Tolle etruriar nekropolian (Toscanan), giza aurpegiak dituzten murkoen multzo bat agertu da, hilobietan. Ontzi kanopo horiek eta haietan modelatutako erretratu xeheek K.a. VII. mendeko Tolleko gizartearen eta jendearen berri ematen digute: induskatutako mila hilobi baino gehiago eta beste bi mila gutxienez aurkitzeko; desagertutako hiri bat; denboran atzerako bidaia bat, indusketa lanen zuzendari Giulio Paolucci arkeologoak eta antzinako etruriarrek kontatua.
19:00. Artearen jatorria datatzea. Produkzioa: Passé Simple. Zuzendaria: Azéma, Marc. Francia, 2016, 26. Hizkuntza: Francés.
Bordeleko arkeologo talde batek Hegoafrikara bidaiatu du, helburu jakin bat lortzeko: portaera artistikoak gizadiaren historian utzitako aztarnarik zaharrenak datatzea. Afrikako sekulako paisaien artean, Atlantikoko kostaldetik Ozeano Barearen bazterreraino, basamortutik baso tropikalera, Homo Sapiens gizakiak lehenbizi okupatutako lurraldeetako batean ibiliko gara, pentsamendu sinbolikoaren adierazpenik zaharrenak datatu nahian.
19:30. Bonaparte: Egiptoko kanpaina. Aurkikuntzak. Produkzioa: ARTE France. Produkzioa: Docside Zed. Zuzendaria: Hourlier, Fabrice. Francia, 2016, 52. Hizkuntza: Francés.
1798ko maiatza. Napoleonek Ekialdea konkistatzeko ametsari heldu dio, eta Egipton lehorreratu da, zibilizazioaren sorlekuan, soldadu, itsasgizon eta intelektual talde handi batek lagunduta. Herrialdea baketu, eta savants edo jakintsuak (tropei lagundu dieten zientzialariak), azkenean, herrialdean ezkutuan dauden mirari arkeologikoak bilatzeari eman ahal izan zaizkio. Espedizioa hegoalderantz abiatu bitartean, ordea, Siriako kanpaina militarra ez aurrera ez atzera geldituko da, eta, hiru urteko lanaren ondoren, gertakari politiko eta militarrak direla-eta, egiptologiaren aitzindariek Frantziara itzuli beharko dute.
20:20. Estatuak mugitzen dira Alexandrian. Produkzioa: Centre d´Etudes Alexandrines. Zuzendaria: Collet, Raymond. Egipto, 2016, 34. Hizkuntza: Francés.
Alexandrian, estatuak mugitu egiten dira, baita obeliskoak ere. Ptolomeo erregeek, zeinek Egipto gobernatu zuten aro helenistikoan, hiriburu berria apaintzeko hartu zituzten, gero erromatar enperadoreek bezalaxe. Hala, milaka urteko harri horiek Erromara, Londresera eta, azkenik, New Yorkera bidaiatu zuten. Edonola ere, Alexandriako estatua bikainak ez dira antzinarokoak bakarrik: tradizioak gaur arte iraun du, eta estatuak agertu eta desagertu egin dira hiriaren historian.