Hamaika, FICABen edizio honek 11 zenbakia darama. Gaztelaniaz ez dauka
euskaraz adinako kargarik, euskaraz hamaika hori kopuru handia, pila bat
esateko ere erabiltzen baita. Baina balio hori gabe ere, nabarmentzeko
kontua da hamar gainditu izana, banaka eta bata bestearen atzetik,
hamaika edizioetaraino heldu izana arkeologi zinemako nazioarteko
jaialdia, bere generoan bakarra izaten segitzen duena estatu
espainiarrean. Eta hurrenez hurreneko horretan, lehiaketara aurkezten
den film-kopurua hazi izana ere nabarmendu behar da. Era berean,
jatorriak ere gero eta gehiago dira, produkzioen kalitatea ere gero eta
handiagoa, eta ikusleen babesa eta konplizitatea ere bai, izan ere gero
eta irundar eta bidasoar gehiagok parte hartzen du, modu batean edo
bestean, antolatzeko lanetan.
Baina hamaikagarren edizio hau
beste arrazoi batengatik ere nabarmentzen da. FICABen sorreran, zirkulu
europarretan bilatu eta arakatu behar izaten genuen programazioa
osatzeko. Gero, nolabaiteko herabetasunez, tantaka iristen hasi ziren
produkzio espainiarrak; gero, ikusgarriago egin ziren, eta iazko
edizioan, ordezkaritza garrantzitsua lortu zuten programan. Aurten,
bestalde, euskal dokumentalen urtea da. Ekaineko haitzuloetako pintura
paleolitikoa, Aralarreko historiaurreko kobre-meategiak, La Hoyako II.
Burdin Aroko herrixkako erasoa Laguardian, Errolan hil zeneko Orreagako
borrokaldia eta euskal baleontzien espedizioak Ternuara; horiek guztiak
denboran zehar egindako ibilaldi berezi honetako mugarriak dira. Izan
ere, FICABek zerbaitetarako balio badu, zine-baliabideen bidez iragana
ekartzeko balio du: alegia, birsorkuntza, irudia eta soinua baliatuz,
eta sentipenak ukitzen dituen eta bitarteko horien bidez transmititzen
diren informazio historikoak gordetzen, gogoratzen laguntzen digun
hizkuntza erabiliz. Ez dago zalantzarik, egun hauetan asko ikasiko dugu
gure historiaz eta munduan zehar banatutako beste kultura batzuetako
historiaz.
Fitxa teknikoa
Ficab XI
Urtea: 2011
Data:: 2011ko Azaroaren 15, 16, 17, 18 y 19an
Batzorde antolatzailea
Belén Sierra, Irungo Udaleko Kultura eta Kirol Ordezkaria
Jokin Ormazabal, Irungo Udaleko Kultura Arloburua
Cristina Aguirre,Oiasso Erromatar Museoko gerentea
Javier Arce,Lille Unibertsitateko irakaslea (Frantzia)
Zuzendaritza
Mertxe Urtega, Oiasso Erromatar Museoko zuzendaria
Idazkaritza
Maria José Noain, Oiasso Erromatar Museoko jardueretako arduraduna
Epaimahaia
Presidentea
Juan Santos Yanguas, Euskal Herriko Unibertsitateko Antzinako Historiako katedratikoa
Batzordekideak
Rosario García Rozas, Zamorako Museo Probintzialeko Zuzendaria
Jesús Mari Lazkano, Margolariak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederretako fakultateko irakaslea
Rogelio Sánchez, ASECIC Espainiako Zinema eta Irudi Zientifikoen Elkarteko Idazkari Nagusia
William Van Andringa, Helsinki Collegium for Advanced Studies.