Elhuyar Fundazioa

Datuak

Filmak

Euskal Herria dinosauro lurra izan zen duela 55-75 miloi urte. Haien arrastoak aurkitu dituzte Araban, zehazki Trebiñu (Lañuko meategian)eta Izki aldean. Lañuko aztarnategia bisitatu dugu. Europako dinosauroen aztarnategi garrantzitsuenetakoa da. Euskal Herriko Unibertsitateko  geologo eta paleontologo talde batek, 40 espezie identifikatu dituzte bertan, horietatik 10etik gora dinosauroenak, haragijaleak eta belarjaleak.Eta Lañun aurkitutako dinosauro begetarianoetako baten hezurrei esker, espezie bat definitu zen: Lirainosaurius Astibiae. Gertuagotik ezagutuko dugu dinosauro haiek bizi ziren garaia.
Aralar mendia bereziki aberatsa da Historiaurreko hondarretan. Teknopolis saioko erreportaje honetan, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle Joxean Mujikak barrendegi horretako hondarrik adierazgarrienak errepasatzen ditu, hala nola trikuharriak, menhirrak eta cromlechak. Horrela, eraikuntza megalitiko esanguratsu horiek ezagutzeaz gain, arkeologoek egindako azken aurkikuntza ikusiko dugu: duela 5.000 bat urteko bizigune bat.
Gizakiak sortutako artelanik zaharrenak Paleolitoko labar artekoak dira. Alde horretatik, Euskal Herria eta Espainiako iparraldea (Kantabria) lurralderik aberatsenetako bat dira garai hartako pintura eta grabatuetan: Santimamiñe, Ekain eta Atxurra kobazuloek, alde batetik, eta Castillo mendiko kobazuloak, beste batetik, lekukotasun artistikoen bilduma itzel bat dute barnean. Bada, leizeetako artea aztertze aldera, arkeologo eta espeleologoak milaka urtean ezkutuan egon diren obren bila ari dira.
Antxieta Arkeologia taldea orain dela berrogeita hamar bat urte sortu zen Azpeitian. Orduz geroztik, igandero atera dira Urola Bailaran miaketak egitera, aztarnategi arkeologiko berriak aurkitu nahian. Euskal Historiaurreko kokagune garrantzitsuak daude egin dituzten aurkikuntzen artean, Ekain leizea, esate baterako. Bertako margolan paleolitikoak 1968. urtean aurkitu ziren lehenbiziko aldiz. Aurkitu zituenetako batek, Rafael Rezabalek, lehen pertsonan kontatuko digu aurkikuntza harrigarri hura nola izan zen. Hezkuntza Sekzioa. Lekua: Amaia KZ Hitzaldi Aretoa
Burdin Arotik XIV. mendera arte, burdina mendiko burdin oletan edo haizeoletan ekoiztu zen, besoen indarrarekin.Euskal Herrian ehunka katalogatu dira eta, haien deskribapen zehatza egin ez bada ere, labe haietan erabiltzen zen teknika ez da zehazki ezagutzen.Arkeologoek ekoizteko modu hura berreskuratu nahi dute eta horretarako, Arkeologia Esperimentala erabiltzea bezalakorik ez dago, eta haizeoletan egiten zen lan prozesua erreproduzitu dute.
Mendian, edo natur guneetan, ohikoa izaten da jaten ditugun fruten hezurrak lurrera botatzea, segurutzat joz biodegradatu egingo direla. Eta horrela gertatzen da gehienetan. Baina, ingurugiro-baldintza oso zehatzak betez gero, materia organiko horrek ehunka urteetan iraun lezake. Arkeolan Fundazioko arkeologo eta arkeobotanikoen zereginetako bat material horiek bilatzea eta aztertzea da, gure arbasoen elikadura, arropa eta tresnei buruzko informazioa lortzeko.
Zientzia diziplinetan gertatu ohi den aurrerapenak, batzuetan, aplikazio interesgarriak dauzka Arkeologiaren alorrean, eta halaxe gertatzen da ADN mitokondrialak aztertzeko teknika berrien kasuan.Kasu honetan, Euskal Herriko Unibertsitatea da Santimamiñeko Leizeko Metalen Aroko hezur-hondakinei buruzko ikerketa-proiektu baten buru.