FICABek bere 26. edizioko kartela aurkeztu du, zinema, historia eta arkeologia uztartuz
Ohikoa den gisa, FICABeko edizio berri bat hastear dago azaro honetan. Irungo Udaleko Kulturako Zerbitzua Bidasoako Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoaren 26. edizioa martxan jartzen ari da, azaroaren 16aren eta 21aren bitartean ospatzeko. Kasu zehatz honetan, edizio honetako kartela aurkeztu du zerbitzuak.
Aurreko urteetan bezala, aurtengo kartela Juantxo Tolosa diseinatzaile grafiko irundarraren sorkuntza izan da, Soroxarta estudioaren kidea. Nuria Alzaga alkateordea eta Kulturako ordezkariak, Mélanie Doré FICABeko zuzendariarekin eta Ander Arrese Oiasso Museoko zuzendariarekin, kartelaren berri eman dute gaur.
Urteroko zita da, eta dokumental historiko eta arkeologikoetan espezializatutako ekoiztetxe ospetsuak zein kalitateko ikerketa arkeologikoak egiten dituzten ekoiztetxe txikiak biltzen ditu.
Ordezkariaren hitzetan, "FICABen 26 edizioez hitz egitea gure hiriarekin bat hazi den eta gure kultur programazioaren hitzordu garrantzitsu bihurtu den zinemaldiaz hitz egitea da. Baita identifikatzen gaituen zerbaiti buruz hitz egitea ere bada: historiarekin eta arkeologiarekin dugun harremana, Irungo ondarearen eta nortasunaren parte direnak. Gainera, FICABek balio berezia du, historia eta ikerketa arkeologikoa herritarrei hurbiltzen baitizkie zinemaren bidez. Beste garai batzuk ezagutzeko, beste kultura batzuk ezagutzeko eta nondik gatozen hobeto ulertzeko aukera ematen digu. Eta hori egiteko, zinema bezalako tresna irisgarri eta hurbila erabili behar da".
Nabarmendu behar da aurten 24 film hautatu direla, bai sail ofizialean baita hezkuntza-sailean ere; 60 zinta aurkeztu dira guztira. Ildo horretan, aurten berezitasun bat dago: Frantzia, Italia edota Txile bezalako herrialdeetako filmak hautatu dira, euren kalitate handia eta interesa dela-eta.
"Eta bada bereziki garrantzitsua iruditzen zaidan zerbait: FICAB ez da espezialistentzako hitzordua. Historiarekiko, zinemarekiko edo, besterik gabe, zerbait berria aurkitzeko jakin-mina duten pertsona guztiei irekitako zinemaldi bat da. Ezagutza publiko ezberdinei hurbiltzeko gaitasun hori ere bere indargune handienetako bat da", gaineratu du Alzagak.
Beti bezala, hautatutako filmen hiru proiekzio-saio izango dituzte Amaia KZn: goizeko saioa hezkuntza-sailari dagokio (nahiz eta publiko guztiei irekia izan), eta 17:00etako (astelehena 16ko saioa Amaia KZko hitzaldi-aretoan izango da) eta 19:00etako saioak sail ofizialeko filmetarako izango dira.
Gainera, Donostiako Aquariumean ur azpiko arkeologiari buruzko saioa egingo da beste behin. Halaber, edizio honetako film guztiak online ikusteko aukera egongo da, Festhome plataformaren bidez, zinemaldiak irauten duen astean zehar.
FICABeko saioetarako gonbidapenak udal webgunean egongo dira eskuragarri, bai eta Luis Marianoko Turismoko Bulegoan ere, azaroaren 6ko 10:00etatik aurrera. Amaia KZko txartel-leihatilan ere hartu ahalko dira, saioak hasi baino lehen.
Epaimahaia eta sariak
Aurreko edizioetan bezala, ikus-entzunezko baliabideen eta arkeologiako munduaren adituek osatuko dute epaimahaia. Hala, Lourdes Herrasti (Cuelgamuros haraneko hondakinak berreskuratzeko proiektuko arkeologia-taldearen zuzendaria) izango da epaimahaiaren burua.
Eta, harekin batera, kide hauek izango ditu:
- Beatriz Agramonte: Historiako lizentziaduna, Artearen Historiako aditua Salamancako Unibertsitatean eta Humanitateetako aditua Zaragozako Unibertsitatean.
- Valentina Porcheddu: Antzinako Historiako, Hizkuntzetako eta Literaturako doktorea Bordeaux Montaigne Unibertsitatean eta kazetaria.
- Giorgio Studer: Espeleologoa, ikus-entzunezko materialen sortzailea, eta, duela gutxi arte, Gipuzkoako Foru Aldundiko Zaharberritze eta Kontserbazio Arkeologikoko Departamentuko arduraduna.
- Mertxe Urteaga: Arkeologiako doktorea, eta Gizpuzkoako Foru Aldundiko Ondare Historiko-artistikoko Zerbitzuko langilea.
Hona hemen aurtengo sarien zerrenda:
- Zinemaldiko sari nagusia: 2.000 euro.
- Ikusleen sari berezia: 1.000 euro.
- Genero-ikuspegiko EITB saria: 1000 euro.
- Hezkuntza-saileko saria: 750 euro.
- Dibulgazio zientifikoko Arkeolan saria: sari ekonomikorik ez.
Fugaz sariak
Iaz, lehenengo aldiz, Fugaz sarien lagun diren zinemaldietako bat izan zen FICAB. Ekimenaren helburu nagusia da Espainiako zinemaldien zirkuituari balioa ematea, hura errekonozitzea eta osatzen dutenen artean sinergiak sortzea.
