Bidasoko Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoa
Bidasoko Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoa 2001ean sortu zen, Irungo Udalaren eta ARKEOLAN Historia eta Arkeologiako Azterketa eta Ikerketa Zentroaren ekimenez. Besteak beste, Oiasso Erromatar Museoa sortzeko proiektua ezagutarazteko jaio zen, eta, hain zuzen ere, harekin lotuta dago 2006tik; alegia, erakundea inauguratu zenetik.
Helburuak
Zinemaldiaren helburua publiko orokorrari arkeologia ezagutaraztea da, eta, horretarako, arkeologoen lanei buruzko ikus-entzunezko obrak ematen ditu, haiek sustatu eta zabaltzea ziurtatzeko. Zinemaldian parte har dezaketen dokumentu zinematografikoak genero guztietakoak izan daitezke (dokumentalak, erreportajeak, ikerlanak...), eta edozein nazionalitatetako partikularrek edo erakunde publiko edo pribatuek ekoitzitakoak, baina betiere arkeologia gaiei eta teknikei buruzkoak izan behar dute, etnoarkeologiari buruzkoak, edo kultur ondareari eta beronen kontserbazioari buruzkoak.
Urteroko hitzordua da Zinemaldia, eta dokumental historiko eta arkeologikoetan espezializatutako ekoiztetxe ospetsuak zein kalitatezko ikerketa arkeologikoei buruzko ekoizpen txikiak biltzen ditu. Gainera, 2015etik hona, hezkuntza sail bat ere hartzen du barnean, ikasleentzat.


Sariak
2004tik hona, FICAB bada lehiaketa ere, eta sari hauek banatzen ditu:
- Zinemaldiko sari nagusia.
- Ikusleen sari berezia.
- Dibulgazio zientifikorako lan onenarentzako ARKEOLAN saria.
Gaur egun, Zinemaldiak Hezkuntza Saileko saria ere banatzen du, baita EITB saria ere, genero ikuspegia hobekien sustatzen duen lanarentzat.
2007an, FEDARCINEn sartu zen FICAB, Arkeologiari eta Ondareari buruzko Zinemaldien Europako Federazioan, eta, horrela, Europako zirkuituetako parte bihurtuta, areago hedatzea lortu zuen.
