Marcello Adamo

Filmak

Ponpeiako biktimen igeltsuzko 86 moldeak munduan parekorik ez duen lekukotasun arkeologiko bat dira. 1863an sortu ziren, Giuseppe Fiorelli arkeologoak asmatutako teknika iraultzaile bati esker, baina asko oso hondatuta zeuden, urteen joana zela medio, eta, Giancarlo Napoli irakaslearen gidaritzapean, lantalde bat haiek zaharberritzen ari da, balio handikoak baitira. Erronka handia da, materia inorganikoan integratutako materia organikoa zaharberritzea baita kontua; alegia, igeltsuan integratutako giza hezurrak. Hala ere, prozesua bada aukera bat ere historialari eta antropologoentzat: Ponpeiaren eta ponpeiarren azken momentuei buruz gauza berriak ikasteko aukera. Teknologia medikoaren eta irudia lantzeko teknologiaren sofistikazioari eta DNAren analisiari esker, Ponpeiako erupzio suntsigarriaren biktimak berriz suspertzen ari dira.
2013an, Guido Gay ingeniari italiarrak Korsika eta Italia artean hondoratutako itsasontzi zahar bat aurkitu zuen 360 metroko sakoneran. Hasiera batean pentsatu zuten harri kargamentu bat zeramala astungarri gisa, baina berehala jakin zuten ontziak kalitate askotako beirak zeramatzala, tonaka. Aparteko aurkikuntza horri esker, mota horretako bigarren aurkikuntza izan baitzen, frantses eta italiar arkeologoez osatutako talde bat sortu zen eta Alfred Merlin izeneko itsasontzian itsasoratu zen hondoratutako ontziko (Capo Corso 2 izenaz ezaguna) zama ikertzeko. Obra honek beirak Antzinako Erroman izandako garrantzia aztertzen du aipatutako taldeak ur sakonetan bideratutako ikerketa arkeologikoaren bitartez, eta azaltzen du nola beira fabrikatzeko metodoen garapenak eta hedapenak betirako aldatu zuten gizakiaren zibilizazioa.