Anemon Productions

Datuak

Filmak

Army of Lovers obrak Batailoi Sakratuaren saga epiko ezezaguna du kontagai. Eliteko unitate hori 150 gizonezko maitale bikotek osatzen zuten, eta antzinaroko gerlari zailduenak izan ziren inolaz ere. Gudaroste greziar hori Tebasko hiriak sortu zuen K.a. 379. urtean Espartaren nagusitasunari amaiera emateko. Batailoiak garaitezin borrokatu zuen berrogei urtez, baina Mazedoniako Filipo II.aren eta haren seme Alexandroren armadak garaitu zuen Keroneako guduan. Azpiratu zituzten borroka zelaian lurperatu zituzten 300 maitaleak, eta ahanzturan galdu ziren arkeologo greziar batek 1880. urtean hobi komuna aurkitu zuen arte. Aurkikuntza sekula ez zen ezagutarazi, eta hobia estali egin zuten. Ondorioz, historialari batzuek ezeztatu egin zuten Batailoi Sakratuaren existentzia bera. Halere, 2019an, Atenasko Museo Arkeologikoko sotoan galdutako eskeleto bat aurkitu zuten, baita indusketa hari zegozkion erregistro batzuk ere, hobi komunaren marrazki zehatzekin: bikoteka eta besoak gurutzatuta etzandako 300 gizonek osatutako gudarostea irudikatzen zuten. Nazioarteko arkeologo eta historialari talde bat aurkitu berri diren aztarnak aztertzen ari da, informazio ezezaguna eskaintzen ari baitira Batailoi Sakratuaren historiari buruz. Aurkikuntza horiek behartzen gaituzte Antzinako Greziari buruz dugun ikuspegia eta denboran zehar heroismoaren eta maskulinitatearen aurrean izan dugun pertzepzioa birplanteatzera.
Estatu Batuetako museo asko krisi etiko handia jasaten ari dira lapurtutako zaharkien trafikoaren inguruan. Metropolitan eta Getty bezalako museoen entzutea zalantzan jartzen hasi dira artearen nazioarteko merkatuaren barnean. Marion Trae, zaharkien kontserbatzailea izan zenari konspirazio kriminala leporatu zioten Erroman egin zen epaiketa batean. Krisi hori iragartzen du “The Network” dokumentalak, eta zaharkien kontrabandoak, batik bat greziarrak eta italiarrak, lotzen dituen pertsona batzuetan oinarritzen da.
Sir Arthur Evans arkeologo ingelesak identifikatu zuen lehen aldiz Kretako zibilizazio minoikoa, hark zulatu zuen Cnossos jauregi minoiko garrantzitsuenetakoa. Film hau Kretara, New Yorkera eta Torontora doa, arte minoikoaren obra nagusien atzetik, haien sekretuak argitzen saiatzera.